|
Datorren larunbatean, hilak 27, AEK-k bere XIII. Mintegia burutuko du Gasteizko Europa Jauregian, Hiru hamarkada garena ikasten lelopean. Bertan AEK-k bere hirugarren plan estrategikoa onartu du, 2010-2014 epealdian burutuko duena.
Onartuko den plan estrategiko berria aurreko bien jarraipena izango da, eta hainbat asmo nagusi bilduko ditu.
Epealdi estrategiko berrirako arduretako bat, AEKren xede nagusia Euskal Herria euskalduntzea izanik, hizkuntzaren sustapena, erabilera eta normalizazio orokorreko ataletan bultzada ematea izango da.
AEK-k jai giroan ospatuko du XIII. Mintegi hau, pasa den abenduan bete baitziren 30 urte Arantzazun bere lehenengo mintegia egin zuenetik. Ordutik hona, beste hamabi mintegi prestatu ditu, koordinakunde izatetik Euskal Herri osoan aritzen den erakunde izatera pasatu da, milaka eta milaka lagun euskaldundu ditu eta hamasei Korrika antolatu.
AEKideek eta bertaratuko diren guztiek, Europa Jauregian burutuko den batzarrean ez ezik, ondoren ospatuko den jaian ere izango dute parte hartzeko aukera. Izan ere, mintegia bukatu ostean, Gari abeslariak Gasteizko Jimmy Jazz aretoan eskainiko duen kontzertura joango dira, egindako lanari bukaera ona ematera.
AEKren Mintegien kronologia laburra:
I) 1979ko abenduan Arantzazun
Oraindik Euskaltzaindiaren Jagon Saileko batzorde moduan, AEK-k herri mugimendua ala EAEko instituzioen menpeko erakundea izan behar zuen eztabaidatu zen. Bizkaiko gau-eskolek lehenengo eta Hego Euskal Herriko beste herrialdeetakoek ondoren, elkarren artean koordinatu beharra zegoela erabaki eta AEKren oinarriak finkatu zituzten. Euskal eskolak nora goaz? izan zen mintegi honen lema.
II) 1980ko maiatzean Aralarren
Bigarren mintegia, berez, lehenengoaren bigarren zatia izan zen, Arantzazun eztabaidatzeke geratu ziren hainbat gairi buruzko hausnarketa egiteko. Besteak beste, euskararen berreskurapenean inguruak zuen eragina, euskal eskolen definizio orokorra, hauen barne-azterketa, AEKren lana hobetzeko estrategia berrien bilaketa...
III) 1982ko ekainean Lekunberrin
Erakundetze prozesuari buruzko lehen hausnarketa egin zen bertan. Hainbat gau-eskolaren koordinazio gune izatetik Euskal Herriaren berreuskalduntzea xede duen erakunde izatera igarotzeko eman beharreko pausoak aztertzen hasi ziren.
IV) 1984ko irailean Zestoan
1983an onartutako HABESEA legearen garapena eta eragina izan zen hizpideetako bat. AEKren etorkizuneko jokaera hiru ardatzetan oinarritu behar zela erabaki zen mintegi hartan: herri irakaskuntza indartu, kulturgintza zabalduz; nazio osoko ikuspegia jorratzen jarraitu; eta erakunde herritarraren izaeran sakondu.
V) 1985eko urrian Aiegin
Herri dinamikan oinarrituta, diglosiaren aurkako irakaskuntza hartu zuen AEK-k ardatz, hau da, ekintza bidezko irakaskuntza, ikaslea herri dinamikan parte hartzera eta gizartean eragitera bultzatuz. Gainera, koordinakundetik erakunderako pausoa ematea erabaki zuen AEK-k.
VI) 1988ko urrian Aiegin
Aurreko hiru urteetan gertatutakoek markatutako mintegia izan zen. Urte horretako apirilean EAJrekin sinatutako itunak porrot egin zuen, administrazioek jarritako oztopoak ugariak ziren... Egoera horretatik ateratzeko urratsak finkatu ziren mintegi honetan.
VII) 1990eko otsailean Aiegin
Herri ikaskuntza eraiki lemapean egin zen. Herri dinamika bultzatu, EKB herrietan indartu, administrazioen inplikazioa aldarrikatu eta ikas-elkarteak antolatzearen beharraz mintzatu ziren bertan bildutako kideak. Berdintasun ereduari zegozkion erabaki garrantzitsuenak hartu ziren, herrialdeen arteko desoreka txikitzeko helburuarekin.
VIII) 1992ko abenduan Aiegin
Didaktika, barne funtzionamendua eta beste hainbat alor jorratzeaz gain, helduen euskalduntzea indar berriz bultzatzeko neurriak eta administrazioekiko negoziazioak zabaltzeko estrategiak diseinatu ziren mintegi honetan.
IX) 1996ko martxoan Zestoan
Herri ekimena bultzatuz, Euskal Herria euskaldunduz! lemapean egin zen. Leloak berak adierazten duenez, mintegi honetako erabakirik garrantzitsuenetakoa lehentasuna herri dinamikari ematea izan zen.
X) 2000ko apirilean Arantzazun
Aurreko urteetan arlo didaktikoan emandako aurrerapausoen ondoren, lehentasun osoa eman zitzaion irakaskuntzaren kalitatearen hobekuntzari mintegi honetan, euskara ahalik eta lasterren eta ahalik eta egokien irakasteko.
XI) 2002ko abenduan Donostian
AEK-k bere lehen plan estrategikoa onartu zuen. AEKren xedea Euskal Herria euskalduntzea dela helburu nagusi moduan hartuta, sei arlotan zehaztu ziren oinarrizko estrategiak: merkatu eta produktu garapena, pertsonen garapena, barne eta kanpo komunikazioa, antolamenduaren eragingarritasuna, baliabideen optimizazioa eta AEK euskararen normalizazioan gizarte eragile aktibo bilakatzea.
XII) 2006ko maiatzean Agurainen
AEK-k bere bigarren plan estrategikoa onartu zuen, honako helburu hauek zehaztuz: kideen lan baldintzak hobetu, helduen euskalduntze-alfabetatzearen egoera normalizatu eta egonkortu (EAEn behintzat), egitura eraginkorra diseinatu eta gauzatu, bere jarduera osoan kalitatearen kultura txertatu, profesionaltasunean aurrerapauso gehiago eman, eta hizkuntzaren normalizazio orokorra bultzatu.
|