|


Rith 2010 izeneko lasterketa burutzen ari dira Irlandan egunotan. Martxoaren 9an Belfasten abiatu eta, 1.600 kilometro egin, eta 250 herri eta 15 konderri zeharkatu ostean, Galwayn amaituko da, martxoaren 17an, Patrick Deunaren eguna ospatzeko burutzen den jai egunaren baitan. Dublinen atzo, martxoak 11, sartu zen Rith. AEK-k eta Korrikak gauean hartu zuten Rith 2010en lekukoa Dublin erdiguneko Patrick Street-en 382. kilometroa egiteko. Lehenago, atzo goizean Edurne Brouard Korrika arduraduna eta Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusia, Emer Costello Dublingo alkate andrearekin eta Rith 2010 ekimeneko arduradunekin bildu ziren Dublingo udaletxean, eta oroigarria jaso zuten alkatearen beraren eskutik.
Ideia Euskal Herriko Korrikaren berri izan zutenean bururatu zitzaien Rith 2010en antolatzaileei, eta ekitaldia hobeto ezagutzeko asmoz Tuterara etorri ziren pasa den urtean 16. Korrikaren hasiera ekitaldira. Orain, euren hizkuntzaren aldeko lasterketa abian jartzeko momentua heldu zaienean, Korrika eta AEK gonbidatu dituzte bertan parte hartzera.
Joan Rith 2010 web gunera
Ibilbidea ikusi
Kanta entzun
Gaelikoaren aldeko ekimen hau lehenengo aldiz egingo da aurten, urtero martxoan ospatzen den Gaelikoaren Astearen baitan, baina hemendik aurrera bi urterik behin antolatzeko asmoa azaldu dute eragileek. Izan ere, gaelikoa bertako lehen hizkuntza ofiziala izan arren, hizkuntza gutxitua da gaur egun Irlandan, eta are egoera zailagoan aurkitzen da Ipar Irlandan. Rith 2010eko antolatzaileek eskainitako datuen arabera, ez dira bi milioira iristen munduan gaelikoa hitz egiteko gauza diren pertsonak. Ipar Irlandan biztanleen %10,4 dira eta AEBetan 13.000 lagun inguru. Hala ere, asko omen da gaelikoa unibertsitatean ikasten ari omen den jendea, hizkuntza honek Europako Batasunean lan status ofiziala lortu ostean. Egoera diglosiko horren ondorioz, erakunde asko ari dira Irlandan gaelikoa berreskuratzearen aldeko lanean, horietako 39 gobernu irlandarrak zuzenean babesten dituelarik.
Rith 2010 ekitaldian biltzen den dirua Ciste Rith Ar Son Na Gaeilge izeneko fondo batera bideratuko da, eta gaelikoaren sustapenerako ekimenen antolaketarako erabiliko. Erakunde horretako partaideak sektorean prestigioa duten pertsonak dira. Lehenengo edizio honetan lortutako dirua herri mailako taldeei zuzenduko zaie, ekitaldiak antolatu eta materialak erosteko. Baina etorkizunean gaelikoaren sustapenaren aldeko lanean jende gehiago jartzeko ere erabili nahi da dirua.
Lasterketari berari dagokionez, AEK-k antolatzen duen Korrikaren antzera, Rith 2010eko korrikalariek ere eskuz esku igaroko den lekukoa eramango dute, Bradley Richards eta Brian Reardon artisau irlandarrek egindako aginte makila irudikatzen duena. Zilarrezko eraztun batek inguratzen duen makilaren barruan Irlandako presidente Mary McAleesek gaelikoaren alde idatzitako mezuak egingo du ibilbide osoa. Hala ere, Rith 2010ek ez ditu Irlandako errepideak gau eta egun zapalduko. Korrikalariak egunez bakarrik arituko dira, eta gauez Club Rith izeneko jaialdiak egingo dira egun horretan karrera geratzen den herrian.
|